Gaur egun, euskarak duen erronka nagusietako bat erabilera da, bereziki aisialdian eta eremu ez-formalean. Izan ere, askotan euskara ikastetxeko esparru formaleko hizkuntza gisa soilik ulertzen da, eta kalean, lagunartean edo eguneroko aisialdiko jardueretan bigarren planoan gelditzen da. Egoera horrek arrisku argi bat dakarkigu: hizkuntza bizi eta eguneroko bizitzaren eremu guztietan erabiltzen ez bada, zaila da gazteek eta familiek euren bizitza osoa euskaraz garatzea.
Euskararen etorkizuna kalean dago; gure plazetan, gure aisialdiko ohituretan, gure kultur jardueretan eta gure harremanetan. Eta hori indartzeko, komunitate osoaren lankidetza eta konpromisoa behar dira.
Gure helburu nagusia: euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea
Lauro Fundazioaren ardatzetako bat euskararen sustapena eta erabilera eremu ez-formalean indartzea da. Aisialdian hizkuntzak duen presentzia erabakigarria da gazteek benetan euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten, eta, finean, komunitate euskaldun sendo eta iraunkor bat eraiki dadin.
Hori dela eta, gure jardunaren oinarrian kultura dago: kulturak lotzen gaitu, inspiratzen gaitu eta elkarrekin bizitzeko moduak sortzen laguntzen dizkigu. Kulturaren bidez, gazteei eta familiei euskaraz gozatzeko, partekatzeko eta sortzeko aukerak eskaini nahi dizkiegu.
Bizitzako eremu guztiak euskaraz garatzeko aukera izateak eragin zuzena du identitatean, konfiantzan eta komunitatearekiko loturan. Euskara ez dugu soilik ikasi behar: bizi ere egin behar dugu. Eta hori da Lauro Fundazioaren eginkizuna: euskaraz bizitzeko bideak irekitzea eta indartzea, gure inguruan erabilera erreal eta naturalak sortuz.
Bilbo Handian eragile izaten jarraitu nahi dugu: