Lauro Ikastolak aldaketa garrantzitsua bizi du 2025-2026 denboraldi honetan saskibaloi atalaren koordinazioan: Mikel Fernández udan batu zen gure proiektura, ikasturtearen hasierarekin batera, Paul Urbano ordezkatuz, ekintza hau koordinatzen aritu ondoren, alegia. Denborarekin landutako erreleboa izan da, eta horri esker, saskibaloiaren hazkundeari jarraipena ematea espero dugu.
Mikelen profil gaztea, langilea eta prestakuntza handikoa ezin hobeto egokitzen da proiektuaren beharretara. Goi-mailako entrenatzaile tituluduna izanik, aurretik beste klub batzuetan koordinatzaile aritutakoa da, eta Bizkaiko Federazioko hainbat selekzioren talde teknikoetan parte hartu du, eskola kiroleko saskibaloiaren eta lehiaketaren ikuspegi osoa eskainiz.
Horrez gain, bere lana North Academy-ko entrenatzaile lanarekin uztartzen du, NBA eta ACB ligetan aritutako jokalari ohiek, Raül López eta Sergio Sánchez-ek, sortutako teknifikazio-eskola, hain zuzen. Denboraldi honetatik bertatik, Bilbao Basketeko harrobiko Junior eta Nazional mailako gizonezkoen taldeak ere bere ardurapean ditu; erantzukizun horrek bere profila indartzeaz gain, Lauro Ikastolaren eta gure lurraldeko klub profesional nagusiaren arteko harremana estutzen laguntzen du.
Mikel koordinazioaren buruan dela, helburua azken urteetan indar handiz hazten ari zen proiektuari aurrerapausoak ematen jarraitzea da. Izan ere, azken aldian, Lauroko taldeek Ikastolarentzat inoizko lorpenak eskuratu dituzte, hala nola “Especial” mailako txapeldunak izatea edo etxeko jokalariekin osatutako talde batekin Euskal Ligara lehen igoera lortzea. Oinarritik eraikitzen jarraitzea da asmoa, eskola eta adin-txikiko mailei gero eta garrantzi handiagoa emanez, etapa bakoitzera eta jokalari bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako helburuekin, inor baztertu gabe.
Azkenik, Paul Urbanok azken hamar urteotan egindako lan handia eskertu nahi dugu, baita trantsizio prozesuan izan duen inplikazioa ere, koordinazioaren arduran lehen hilabeteetan Mikel lagunduz eta bidelagun izanez. Bere lana funtsezkoa izan da gaur egun Lauroko saskibaloia non dagoen ulertzeko, eta oinarri sendoak ezarri ditu Mikel Fernándezen eskutik hasten den etapa berri honetarako.