Baltzola: abentura, natura eta euskara aisialdian

Otsailaren 8an, 120 lagun baino gehiago elkartu ginen Dimako San Pedro iturrian familia giroko irteera berezi bat egiteko: Baltzolako haitzulora igoera. Eguraldi iragarpenek euria ematen zuten arren, egunak errespetatu gintuen. Giro freskoa bai, baina irribarreak eta ilusioa nagusi.

12:20 inguruan abiatu ginen. Bidea erraza da, baina aurreko egunetako euriak lokatz dezente utzi zuen. Hala ere, ez zen oztopo izan, abenturaren parte baizik. Umeek irribarrez gainditzen zituzten putzu eta lokatz guneak, eta talde osoa erritmo lasaian, elkar zainduz, aurrera egin genuen.

13:05ean iritsi ginen Baltzolara. Haitzuloaren barruan lehen momentuak askatasunez bizi izan genituen: batzuk esploratzen, beste batzuk bokadiloa jaten…

13:30ean elkartu ginen harri handi baten inguruan eta magia hasi zen: haitzuloen sorrera azaldu genuen, lehen gizakien bizimodua irudikatu genuen, harriekin sua nola pizten zen erakutsi genuen eta Tartaloren ipuina kontatu genuen. Baina ez zen azalpen hutsa izan; haurrek galderak egin zituzten, zekitena partekatu zuten eta parte-hartze aktiboa izan zuten.

14:00etan familia batzuek autora bueltatzea erabaki zuten; beste askok, ordea, haitzuloan barrurago sartzea aukeratu genuen. Saguzarrak, estalaktitak, alboko galeriak eta antzinako su arrastoak ikusi genituen.
15:00etan parking-era bueltatu ginen.

Balorazioa ezin hobea izan da: ez da erorketarik egon, ez beldurrik, ez nekerik. Euskara izan zen jardunaldi osoaren ardatza. Naturan, aisialdian, elkarrizketan eta jakin-minaren bidez. Halako jarduerek erakusten dute komunitatea indartsu dagoela eta euskaraz bizitzeko espazio natural eta atseginak sortzen ari garela.

Eskerrik asko parte hartu zenuten guztioi, eta hurrengora arte!

Azken artikuluak

2026/02/13
Aste Santuko kanpusak
2026/02/03
Berbalagun ekimena
2026/02/03
Giro ederra kaligrafia-lettering ikastaroan

Albisteen historikoa