Kontu artean
Lauro Fundaziotik, gure helburu fundazionalekin bat eginez, ipuin kontaketa berezi batera gonbidatu nahi zaituztegu neska-mutilek ipuinen magiaz gozatzeko, euskararen erabilera aisialdian sustatuz, irakurzaletasuna indartuz eta belaunaldien arteko loturak sendotuz gure nagusien ekarpenak eta esperientzia aitortzeko.
Saioak bi atal izango ditu:
- Lehenengo zatian, ipuin kontaketa saio bat egingo da, ipuinak kontatzeko hiru teknika desberdinak erabiliz. Helburuak:
- Haurrak ipuinaren bidez entretenitzea eta liluratzea.
- Guraso zein aitite-amamek etxean erabili ditzaketen baliabide eta ideia praktikoak eskaini.
- Aitite-amamen parte-hartzea: nahi duten aiton-amonek neska-mutilei ipuin bat irakurtzeko edo kontatzeko aukera izango dute.
Garrantzitsua da azpimarratzea jardueran erabiliko dugun hizkuntza une oro euskara izango dela. Hala ere, euskara menperatzen ez duen edonor ere etor daiteke, entzunez eta belarria landuz ere hizkuntza ikasten eta barneratzen baita. Amama eta aititek eskainiko dituzten ipuin kontaketa guztiak euskaraz izango dira.
Azkenik, gogorarazi nahi dugu jarduera hau guztientzat irekia dela: ikastolako familiez gain, kanpoko jendea, lagunak, auzokideak edo interesa izan dezaketen ezagunak ere ongietorriak izango dira.
