Eider Arana-ren bisitak arrasto berezia utzi du Lauro Ikastolan. Atzo Gaztainazpin egindako entrenamenduaren ondoren —non Ume mailako nesken taldeko jokalariek eta ikastolako beste hainbat ikaslek parte hartu zuten, esperientzia ahaztezinean—, gaur Eiderrek bere ibilbidea partekatu du LH4 eta LH5eko ikasleekin.
Saioan zehar, Lauron izan zituen hastapenak eta ondoren Athletic Clubera egindako saltoa azaldu ditu hitzaldi batean. Gainera, ikasleek galderak egiteko aukera izan dute eta erreferente bat gertutik ezagutzeko aukera paregabea izan dute, bereziki datorren ikasturtean futbolean aritzea baloratzen ari diren nesken artean.
Ekimen hau Lauro Ikastolak azken urteotan emakumezkoen futbola sustatzeko egindako lanaren baitan kokatzen da, gaur egun lau talde izatera iritsi arte. Gaur, nesken aurrean badago ispilu argi bat: ikasle ohia den jokalari bat, ahalegin eta lanaren bidez gorenera iritsi dena, bere bidea Gaztainazpin hasita.